XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bere amagaz, etxerako ate ondoan, barrura begira.

Haundie sano dator, redios! entzun neutsan aititeri, itxi, itxi: urrena neuk eingo't, trankil egon, Maitenaren aitak: Marije, ekarriezu toallea ba!... eta dana bukatuta egoan ala?

Nora begira ni ba?

Aititek kanpora urten eta ni, ametsetik itzartuta, bere atzetik joan nintzan.

Zerura begira gelditu zan eta mogitu barik astiro hitz egiten hasi zan.

- Ederra jaok zerua geur, ume... ezin ederrao.

- Polite'tirez izarrak aitite, bai?

- Polita'paño ederrao, bai, ume.

Zein politak dozaken esateko berbarik e'txaok.

Hori'ok pena arnasea sakon hartuaz.

- Da zegatik eztao? neure betiko leloa, ume guztien leloa.

- Askotan holan dok.

Guri geio jasoten jakuk, ume; barruen kilimaka joaguna kanpora botetako hitzak e'txoaguz nahiko ta, bazutan mine, bularrean mine...

- Mine?

Zer min? izututa eskuak bularrera eroanda.

- Trankil, ume... gaztea haz ondiño honei' kausok aituteko,... baie ulertuko 'ituza' pai... zeruari begira.

Han egon zan hainbeste urtetan, beharbada, zeruaren isiltasunean, izarren artean, hareekaz dizdiraz hitz egiten, aititeren begien dizdirak.

Oporretan etxera ninoian bakotxean atearen kerizpetara egoten ziran begi hareek, utsaren bakardadean galduak, beti aurrekoa baino harago begira, infinitoaren bila.

Hutsaren arnasa batek inguratuak ikusten nebazan nik ere orduan etxea eta etxekoak, herria eta herrikoak, mundua eta mundukoak.

Inoiz ez nebazan barriro bere bitxikeriak entzun izan, ez eta Zubialderako ibilaldietako bere berbaldiak, ikasle platoniko baten arreta eta miresteaz entzunak.

Han, bere bizitzako artea baizen geldi ikusten nebazanean, aititeri neutsan maitasun izugarria jasanezinezko min garratza bihurtzen jatan, eta azkenean ikasketara itzultzeko gogoa izaten neban, nire arimaren nekezia baretu nahian.

Aitite hil zaneko urte hartan ez nintzan Aste Santuko oporretan etxera etorri.

Unibertsitateko lagunek Pirineosetara bidai bat egitea eskeini eta eurakaz joatea erabagi neban, aitite ikusteak eragiten eustan min eta nekearen bildur nintzala.

Oporretako azken asteburua etxean igaro eta Unibertsitatera itzuli nintzan.

Handik bi hilabetetara telefono dei bat izan neban, amarena, aititek ikusi gura ninduala esanaz.